martes, 8 de noviembre de 2011

berria.info web orrian argitaratutako albistea 2011ko otsailaren 22an

BPGaren %2 ekonomia berdea sustatzeko erabiltzea nahi du NBEk

Ingurumenaren aldeko neurrietan inbertituta hazkunde erritmoari eustea posible dela azaldu du
Miren Garate

2050era bitartean munduko barne produktu gordinaren %2 —1,3 bilioi dolar— hamar sektore jakinetan inbertituz gero, ekonomia berderako trantsizioa posible izango da. Hala dio NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programaren txostenak. Dirutza hori gastatzeak ez lukeela hazkunde erritmoa motelaraziko zehaztu du, kontrakoa baizik: «Gaur egungo tasak mantenduko lirateke, baina ekonomia marroiak eragindako arrisku, gabezia eta gero eta ugariagoak diren krisirik gabe».

Erakundearen arabera, pertsonen ongizatea hobetzen duen eta gizartearen ekitatea dakarren ekonomia mota da ekonomia berdea; era berean, ingurumenaren arriskua eta ingurumeneko baliabide falta saihestea bultzatzen du. Hala, karbono isurketak murriztea eta baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea dira NBIPn erronka nagusiak.

Zein sektoretan egin beharko liratekeen inbertsioak ere zehaztu du: nekazaritza, eraikuntza, energia, arrantza, basogintza, manufaktura, turismoa, garraioa, ura eta hondakinen kudeaketa dira, NBIPn arabera, hamar lan ildo nagusiak.

Kritiko da gaur egun ematen diren laguntzekin, ingurumenaren kalterako eta munduko ekonomiari eraginkortasuna kentzeko izaten direlako. «BPGaren %1 eta %2 artean gastatzen da erregai fosilen, nekazaritzaren, arrantzaren eta ur baliabideen erabilera betikotzeko laguntzetan, nahiz eta jakin ez dela iraunkorra».
Arrantza sektoreari, esaterako, urtean 27.000 milioi dolar —19.700 milioi euro— laguntzatan ematen zaizkiola dio, eta erregai fosiletan ere 650.000 milioi dolar —475.000 milioi euro— inbertitzen direla. Laguntza horiek kenduz joateko eskatu du, finantzaketa ekonomia berderanzko trantsizioan erabili ahal izateko. «BPGaren %1,25 energiaren eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan inbertituko balitz, %9 murriztuko litzateke energia eskaera 2020rako, eta %40 2050erako».

Ekonomia iraunkorrerako jausia egin nahi bada hainbat sektoretan lanpostuak murriztu beharko direla zehaztu du. Arrantza da horietako bat. Azken urteetan sektoreak gaitasun handiegia hartu duela azaldu du, eta arrainek ugaltzeko duten gaitasunaren halako bi harrapa dezaketela arrantzaleek. Langileei formazioa emanda beste sektore batzuetan lan egiteko prestatu daitezkeela esan du. «Luzera begira, enplegu berri eta duinak sortuko dira energia berriztagarrietan eta nekazaritza iraunkorrean. Horiekin konpentsatuko da galdutako enplegu kopurua».

Herrialde garatuentzat ez ezik txiroenentzat ere ingurumenarekiko errespetu handiagoa duen ekonomia eredua mesedegarria dela dio. «Batzuentzat BPGaren %90 ere egon daiteke ingurumenaren menpe».


Politika berritzaileak

Azken urteetan aurrerapausoak eman direla uste du, baina ez direla behar adinakoak izan dio NBEk. Haren esanetan, ekimen pribatuak egin behar luke inbertsio aldetik esfortzurik handiena. Era berean, politika publiko «berritzaileak» eskatu ditu. Hainbat proposamen ere egin ditu: gobernuak ekonomia berdea sustatzen duten arloetan egitea gastua eta baliabide naturalak agortzea eragiten duten arloetako gastua mugatzea eta kontsumitzaileen lehentasunak aldatzeko zergak jartzea dira horietako batzuk.

Ekonomia berdea

ERRONKAK

• Nekazaritza. Lurraren emankortasunaren kudeaketa hobetzea eta ura era iraunkorrean erabilitzea.

• Eraikuntza. Berotegi efektua sortzen duten gasen arduradun nagusia da. Egungo teknologiak eta energia berriztagarriak erabilita isurketak nabarmen murriztu daitezkeela dio.

• Arrantza. Laguntzen eraginez, harrapaketetarako gaitasun handia du sektoreak. Lanpostuak murriztu behar liratekeela uste du.

• Basogintza. Basogabetzea da berotegi efektua sortzen duten gasen %20ren erruduna. Ekonomia berdeak baso azalera handitzea eragin dezake.

• Garraioa. Garraioaren ingurumen eta gizarte kostuek BPGaren %10 inguruko kostua eragiten die urtero herrialdeei. Garraiobide publiko eta ez motorizatuak erabiltzetik hasi eta ibilgailu berri garbiagoak egiteraino.

• Hondakinak. Gaur egun hondakinen %25 birziklatzen da. Ekonomia berdearen xede nagusia kopuru hori handitzea da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario